Koop57k hiru ardatz ditu:

  • Kooperatibismoa.
  • Ekonomia sozial eta eraldatzailea.
  • Finantza etikoak.


Okupazioa, kooperatibismoa, asoziazionismoa eta, orokorrean, solidaritatea eta iraunkortasuna bermatzen duten proiektuak finantzatzea esan nahi du horrek, betiere, elkartasun printzipioak eta printzipio etikoak oinarri. Gizarteari balio erantsi bat eskaintzen dioten proiektuak dira guztiak.

Finantza etikoek, orokorrean, entitate finantzario baten jarduera irizpideak finkatzen dituzte, irizpide negatibo eta irizpide positiboak oinarri.

Irizpide negatiboak jarduera eremutik kanpora uzten gaituztenak dira: industria armamentistikoa, giza eskubideen urratzea edo ingurumena hondatzea.

Irizpide positiboak jarduera eremuak barne dituztenak dira, eta horiek dira bultzatu nahi ditugunak. Proiektu eta prozesu horiek kooperatibismoaren bitartez lorturiko lanpostuak sortzeari lotutakoak dira; kolektibo zaurgarrien bazterketaren aurka borrokatzen dute, irabazi asmorik gabeko enpresen bitartez; ingurumena babesten dute; demokrazia parte hartzailean benetan sakontzea bilatzen dute; pertsonengan eta herri mugimenduetan oinarritutako asoziazionismoa bultzatzen dute; kultura sustatzen dute; ekonomiaren epizentroan pertsonen beharrak asebetetzea helburu duen paradigma ekonomiko berri baten aldeko pedagogia dute ardatz.

la primera cooperativa

Kooperatibismoaren hastapenak

Kooperatibismoa, gaur egun ulertzen dugun bezala, Europan sortu zen XIX. Mendearen erdialdean. Lancashire konderrian, Rochdale hirian, Rochdaleko-ko Aitzindarien Bidezko Elkartea sortu zuten 1844. urtean. Elkarte hark Robert Owen-en sozialismo utopikoaren ideiak zituen oinarri. Testuingurua honakoa zen: ehuleen greba izan zen Lancashiren, hobekuntza laboralak eskatu zituzten eta lana galdu zuten. 1844. urteko urriaren 24an behargin ingeles batzuek kooperatiba sortu zuten, hasieran kontsumo kooperatiba zena, bizirautea bermatu asmo. Esfortzu handiak egin ondoren, abenduaren 21ean lehen biltegia irekitzea lortu zuten, 28 bazkiderekin. Kooperatibaren garapena oso bizkorra izan zen: 1901ean 12.500 bazkide zituen eta 1961. urtean 41.000.

Printzipio kooperatiboak

Laster zabaldu zen kooperatibismoa Ameriketako Estatu Batuetara eta planetako beste hainbat txokotara ere. XIX. Mendearen amaieran mundu mailako hornidura mugimendua zen. Herrialde bakoitzean federaziotan bildu ziren kooperatibak. 1895. urtean Nazioarteko Kooperatiba Aliantza (NAK) sortu zuten. NAKren 1895. urteko bileran, Manchesterren, NAK-ko kooperatiba federatuak gobernatuko zituzten zazpi printzipioak onartu zituzten:

  1. Atxikimendu boluntarioa eta irekia: kooperatibak, erakunde boluntarioak dira, haien zerbitzuak erabiltzeko gai diren guztiei eta bazkide izateko erantzukizuna onartzeko guztiei daude irekiak, generoaren, arrazaren, klase sozialaren, posizio politikoaren edo erlijioaren araberako bazterketarik gabe.
  2. Bazkideen kontrol demokratikoa: kooperatibak bazkideek demokratikoki kudeatutako erakundeak dira eta haiek kooperatibaren politikak eta erabakiak ezartzen hartzen dute parte. Kooperatibak ordezkatzeko eta kudeatzeko aukeratutako gizon eta emakumeak dira bazkideen aurrean arduradunak. Lehen mailako kooperatibetan, bazkide guztiek dute bozketarako eskubide berberak (bazkideko boto bakarra), eta beste mailakoak ere modu demokratikoan daude antolaturik.
  3. Bazkideen parte hartze ekonomikoa: bazkide guztiek diruzko ekarpena egin ohi diote kooperatibari. Diru horren zati bat gutxienez, kooperatibaren ondasun komuna izango da orokorrean. Bazkideek ordaina jaso ohi dute, bazkide izateko baldintza den emandako diruan oinarriturikoa. Bazkideek zehazten dituzte honako xedea betetzeko soberakinak: kooperatibaren garapena, erreserbak ezarri bidez, zati bat behintzat banatzerik ez dagoelarik; bazkideen irabaziak kooperatiban egindako eragiketen proportzioan; eta bazkideek onartutako beste jarduerei laguntzea.
  4. Autonomia eta independentzia: kooperatibak, elkarri laguntzearen, erantzukizunaren, demokraziaren, berdintasunaren eta solidaritatearen baloreetan oinarritzen dira. Haien sortzaileen ohiturak jarraituz, kideek zintzotasunaren, gardentasunaren, erantzukizun sozialaren eta besteenganako arduraren balio etikoetan sinesten dute.
  5. Hezkuntza, formazioa eta informazioa: kooperatibek hezkuntza eta formazioa eskaintzen diete bazkideei, aukeratutako ordezkariei, zuzendariei eta langileei kooperatiben garapenean modu eraginkorrean lan egin dezaten. Kooperazioaren izaera eta onurak zein diren aditzera ematen diote publikoari, gazteei eta iritzi-liderrei gehienbat.
  6. Kooperatiben arteko elkarlana: kooperatibek bazkideei ahalik eta modu efikazenean erantzuten diete eta mugimendu kooperatiboa indartzen dute tokiko, nazioko, eskualdeetako eta nazio arteko egituren bitartez elkarrekin lan eginez.
  7. Komunitatearekiko interesa: kooperatibek haien komunitateen garapen iraungarria lortzeko egiten dute lan, haietako bazkideek onartutako politiken bitartez.

Kooperatibismoa gaur egun

Gaur egun, munduan, ia 1.000 milioi bazkide kooperatibista daude eta 100 milioi lanpostu sortzen dituzte, multinazionalek baino %20 gehiago (2012). Belgikan 30.000 kooperatiba inguru zeuden 2001ean; Indian 240 milioi bazkidetik gora dituzte kooperatibek; Japonian hiru familiatik bat da kooperatibista; Kanadan, 10 pertsonatik 4, gutxienez, kooperatiba bateko bazkide dira, Quebec-en kopuru hori 7ra igotzen da (2010). Singapurren kooperatibistak 1.400.000 dira, biztanleen herena. Norvegian kooperatibek esnearen eta esnekien %99 sortzen dute, kontsumo kooperatibek merkatuaren %25 maneiatzen dute, arrantzan aritzen direnak esportazio nazionalen %8,7ren ardura dute, basoetan lanean dabiltzanek sektorean %76ko partaidetza dute, eta herrialdeko biztanleetan, hirutik bat, kooperatiba bateko kide da. Kooperatibismoa mundu mailako mugimendua da, transbertsala eta hazten ari dena. Gizartearen ongizatea bermatzen du.

Ekonomia sozial eta eraldatzailea praktika ekonomiko bilduma bat da. Gure gizarteak garatzeko tresna gisa ekonomia errekuperatzea dute helburu praktika ekonomiko horiek.

Oso argiak diren printzipioetan oinarritzen den ekonomia da:

  • Pertsonak erdigunean jartzen ditu. Kapital ekonomikoa da baliabidea eta ez alderantziz.
  • Ekonomia modu demokratikoan eta berdintasuna bermatzeko asmoz antolatzen da, eta ez modu bertikal eta hierarkikoan.Pertsonak ahalduntzen ditu, parte hartzea eta prozesu kolektiboak sustatzen ditu, hala, demokrazia ekonomikoaren ereduan sakontzen du.
  • Sortzen diren ondasuna eta zerbitzuak pertsonen beharrak asetzeko dira, ez ahalik eta etekin gehien lortzeko.


Gaur egun nagusi den sistema ekonomikoari alternatiba izatea da ekonomia sozial eta eraldatzailearen balio nagusia. Ez da irtenbide teoriko bat, alternatiba praktiko bat baizik, eta dagoeneko funtzionatzen du. 

Mundu guztian milioika langile, nekazari, profesional, kontsumitzaile, inbertsore... bere lana bezalako baliabideak kudeatzen ari dira, komertzializatzen, kontsumitzen, eta logika demokratiko, bidezko, solidario eta errespetuzkoen pean inbertsioak egiten.

Ekonomia eraikitzen ari gara, baina beste modu bateko ekonomia. Ziklo ekonomikoaren fase guztietan antzeman daiteken eredua da: ekoizpenean, komertzializazioan, kontsumoan eta finantzetan, horrela, merkatu soziala deitzen denaren enbrioia sortuz. 

Ekoizpena
Formula kooperatiboak bere egiten ditu ekoizpenak. Enpresaren jabetza bazkideena da, demokratikoki kudeatzen dute, modu parte hartzailean eta gizartearekiko ardura aintzat hartuz.

Eredu horrek aberastasuna modu bidezkoago batean banatzea dakar, eta soberakinaren zati bat gizarteari itzultzen dio. Ekonomia mota honetan aritzen dira jarduera ekonomikoa garatzen duten irabazi asmorik gabeko erakunde asko ere.

Komertzializazioa
Bidezko komertzializazioa bultzatzen da. Harreman justuak, gardenak, errespetuzkoak eta orekatuak bilatzen dira ekoizlearen eta komertzializazioaz arduratzen direnen artean.

Askotan harreman horiek pobretutako herrialdeen eta herrialde aberatsen arteko bidezko merkataritza harremanak erakustera bakarrik mugatzen dira. Arlo horretan ulertu behar dugu bidezko merkataritza, noski, baina baita harreman hori herrialde bereko edo ingurune hurbileko ekoizleen eta komertzializatzaileen artean ematen denean ere.

Kontsumoa
Kontsumo arduratsua definitzen da. Pertsonek, entitateek, enpresek eta administrazioek kontsumo kooperatiboa sustatzen dute, kontsumo ekologikoa, gertutasunekoa eta solidarioa.

Finantzak
Arlo finantzarioan, ekonomia solidarioak finantza etikoen eredua bere egiten du. Gizarte onura etekin ekonomikoen gaienetik jartzen duten entitateak dira. Erreminta finantzarioak eta bitartekaritza erremintak erabiltzen dituzten aurrezkiak bildu eta “kreditu sozial” bihurtzeko.

Horrela, ekonomia sozial eta eraldatzailean eta hirugarren sektorean diharduten entitateei irtenbide finantziazioak eskaini ahal dizkie.
Ziklo ekonomiko guztian zehar presente egoteak ahalbidetzen du, gero eta gehiago, ekonomia sozial eta eraldatzailearen barruko behar ezberdinak asetzea. Baita logika demokratikoak eta bidezkoak, eta pertsonekin, ingurunearekin eta lurraldearekin errespetuzkoak direnak martxan jartzea ere.

Ahalik eta etekin ekonomiko gehien, eta ahalik eta azkarren, lortzea dute helburu ohiko entitate eta eragile finantzarioek. Etekin maximoa lortzeko jarrera hori ezaguna egiten zaigu.

Halaber, hainbat ondorio negatibo sortzen ditu. Hala nola, giza eskubideen urraketak edota ingurune ekologikoa hondatzea, bi aipatzearren.

Finantza etikoak mugimendu sozialetatik sortu dira, mugimendu bakezale eta ekologistetatik. Horien helburua da jendartearen egonezinari erantzuna ematea. Izan ere, pertsona, enpresa edo entitate askok ez zuten nahi euren diruarekin gustuko ez zituzten jarduerak finantzatzea, horien kontra borrokatzen baitira.Finantza etikoek, beraz, “nire diruarekin ez” ideia dute oinarri. Ideia hori “nire diruarekin bai” izatera pasatu zen gero. Hala, bankako erremintak erabiliz, jendartea modu positiboa garatzeko entitate finantzarioak sustatzen hasi ziren.

Finantza etikoen indarra bere sinpletasunean dago. Eguneroko aurrezki eta inbertsio erabakietan etika txertatzea besterik ez da.

Ikuspegi horrek erabat aldatzen ditu motibazioak, helburuak eta bitartekaritza finantzarioak. Banka tradizionalarekin alderatuta argi ikusten da ikuspegi berri hori. Bitartekaritza finantzarioa pertsonen zerbitzura dagoen tresna bezala ikusten dugu, ez negozioa egiteko erreminta gisa. Diruaren balio soziala berreskuratzean datza gakoa.

Laburbilduz, paradigmak haustea da asmoa:

  • Entitate finantzarioaren papera gure jendartean: halako batek paper garrantzitsua eta onuragarria joka dezake jendartearen garapen sozial eta humanorako.
  • Finantza etikoen helburuak: ez da asmoa ahalik eta etekin gehien lortzea, jendartearen zerbitzura dagoen tresna izatea baizik.
  • Jabetzaren egitura: entitate finantzarioak entitate demokratiko bihurtu, “pertsona bat, bozka bat” logika jarraituz.
  • Gardentasuna: opakutasuna nagusi den sektore batean, finantza etikoek gardentasuna dute oinarri. Denek dakite euren dirua nora eta zertarako doan.