Krisi bat bestearen atzetik etortzea, eta desberdintasunak, pobrezia eta bazterketa soziala areagotzea dira egungo testuinguru ekonomikoaren ezaugarriak. 2008ko finantzen eta higiezinen kolapsoaren ondotik, pandemia globalaren krisiak jarraitu zion 2020an eta energiasektorearenak hartu dio lekukoa egun, baliabideen gehiegizko erauzketan oinarritutako sistema ekonomikoak bultzatuta, eta sistema kolapso egoeratik gertuago kokatuta.
 
Krisi hori beste gerra zital ―eta, segur aski, saihesgarri― batek okertu du eta, bide batez, mendebaldeko herrialdeen etika falta eta kontraesanak azaleratu ditu. Ukrainako inbasioaren kontrako aldarriak zabaltzen diren bitartean, ehunka milioi euro transferitzen dira gas eta petrolio errusiarra erosteko. Arrazoi humanitarioak eskatzen dira kaltetutako herritarrei laguntzeko, baina egun aktibo dauden beste hogeita hamar gatazka armatu baino gehiagoren ondoriozko krisien aurrean ezikusiarena egiten jarraitzen dute. 
 
Panorama nahasgarria da. Euriborra, finantza-entitateek merkatuari dirua uzteko duen interes tipoa zehazten duen Europako indizea, negatiboa da aspalditik. Gainera, inflazioak goia jo du; 2021 urtearen amaieran prezioek batez beste % 6,5 egin zuten gora. Datu horiek ortodoxia ekonomikoa kolokan jarri eta argi uzten dute egungo ezegonkortasuna. Zehazki, etxebizitzaren, uraren, elektrizitatearen, gasaren eta beste erregai batzuen KPIa % 23,3 hazi da, eta gero eta zailagoa da zerbitzu eta ondasun horien eskuragarritasun unibertsala bermatzea.
 
Duela urtebete baino gehiagotik hona, energiaren prezioa zurrunbilo kaotiko batean murgildu da. Benetako amesgaiztoa familia zaurgarrienentzat eta, oro har, ekonomiarentzat. Argiaren, gasaren edota erregaien fakturek maximo historikoak jotzen dituzten bitartean, IBEX 35eko sei enpresa handienen etekinak laukoiztu egin dira; 2021. urtean 10.000 milioi eurotik gorako etekin lotsagarriak lortu dituzte. Erregai fosilak agortzen ari diren honetan, ezinbestekoa zaigu bestelako energia-eredu baterantz egitea. Trantsizio energetikoa, dagoeneko, ez da aukera bat. Trantsizio hori nola egingo dugun, aldiz, bai. 
 
Eta guk egiten ez badugu, gure kontura egingo dute besteek. Izan ere, horretan ari dira: oligopolio energetikoek kontrolatzen dute egun energia berriztagarrien ekoizpenaren zati handiena eta hurrengo urteetan milaka milioi euro inbertituko dituztela aurreikusten dute. Edozer egiteko gai dira, haien posizio pribilegiatuari eta errentagarritasun handiei eusteko. Adierazgarria da Forbes aldizkariak argitaratutako espainiar estatuko 100 pertsona aberatsenen zerrenda. Aberats berri asko berriztagarrien sektoretik datoz eta hori ez da kasualitatea. 
 
Trantsizio energetikoa deitzen diote baina, “kapitalismo berde”aren aitzakiapean, hazkunde ekonomiko mugagabearen dogma betikotu baino ez dute nahi. Baliabide finituak dituen planeta honetan energiaren eta materialen kontsumoa haztea ez da jasangarria. Dagokigun eztabaida da, beraz, nola egingo dugun trantsizio energetiko hori, aberastasunaren pilaketa eta produzkiosistema zentralizatua ez elikatzeko. Orain arteko sistema hau ez da jasangarria, eta ekoizpenak, eskaerari erantzun beharrean, merkatuaren logikari eta estrategia geopolitikoei erantzuten die. 
 
Ez al da zentzuzkoagoa kontsumitzen dugun hori bertan ekoiztea? “Demokrazia energetikoa” kontzeptua indartzea, deszentralizatutako trantsizio energetiko eta teknologikoa eta demokrazian eta herritarren parte-hartzean sakontzea uztartzea.
 
Ekonomia sozial eraldatzailea herritarren energia-komunitateak sustatzeko lanean ari da. Proiektu hauek autoprodukzioaz eta kontsumo partekatuaz haratago, energia erabiltzeko kultura berri bat sustatzea dute helburu. Kontsumo kooperatibo eta demokratikoa eta ekoizpen deszentralizatua sustatu ez ezik, kontsumoaren efizientzia eta murriztea, eraikinak energetikoki birgaitzea, mugikortasun jasangarria, prestakuntza eta pobrezia energetikoaren aurkako borroka ere aintzat hartu behar dira. 
 
Apustua argia da: erabakitzeko egitura horizontal eta kolektiboak sortu eta zaintzea. Hau da, benetako demokrazia ekonomikoa sustatzeko eskolak eraikitzea, energia-burujabetzarantz aurrera egiteko. Funtsean, egungo logiketatik urrundu eta bizitza eta planeta erdigunera ekartzeko.
Sale en portada general: