Duela aste batzuk jakinarazi genizuen zibereraso bat jasan genuela. Ordutik, etenik gabe aritu gara gertatutakoa kudeatzen eta gure sistemen segurtasuna indartzen. Gaur, gardentasunez eta arduraz, gure egoera zein den eta zer neurri jarri ditugun azaldu nahi dizuegu.

Erasoaren eragina sakon aztertu ondoren, baieztatu dezakegu ziurtasun osoz zerbitzari bakar bati eragin ziola. Gainerako azpiegitura digitalak —kudeaketa-softwarea, bulego birtuala, web zerbitzaria eta organo politikoekin partekatutako espazioak— ez dira inola ere arriskuan egon eta une oro normaltasunez funtzionatu dute. Ondorioz, Coop57ren jarduera finantzario eta operatiboa ez da eten, eta gure lana ohiko moduan garatzen jarraitu dugu.

Orain arte egindakoa

Gertatutakoa hauteman bezain laister, informazioaren segurtasuna bermatzeko eta etorkizuneko arriskuak saihesteko neurri hauek hartu ditugu:

  • Erasorik jasan ez duten hiru zerbitzarien segurtasuna ahalik eta gehien indartu dugu, edozein mehatxuren aurrean hobeto babesteko.
  • Kaltetua izan den zerbitzaria berreskuratzeko lanean ari gara, segurtasun eta informazioaren berreskurapenerako irizpide zorrotzak aplikatuz.
  • Coop57ren inguruko bazkide eta kolaboratzaile adituekin lan-talde bat sortu dugu, datuen biltegiratzea nola antolatzen dugun birpentsatzeko eta sistemaren segurtasun egitura hobetzeko.
  • Datu pertsonalen kudeaketarako protokoloak berrikusten eta sendotzen ari gara. Hemendik aurrera, datuak aldatzeko edo eguneratzeko edozein eskaerek egiaztapen zorrotzagoa beharko dute: harreman zuzena eta egiaztagiri dokumentala eskatuko dira.

 

Eskerrik asko zuen konfiantzagatik

Zeharo lagunduta eta babestuta sentitu gara egun hauetan jaso ditugun elkartasun eta babes mezuekin. Horrek guztiak gure arteko konfiantza eta konpromiso kolektiboaren garrantziaz ohartarazten gaitu, Coop57ri zentzua ematen dioten oinarriak baitira hauek.

Gardentasunez informatzen jarraituko dugu, eta determinazio osoz lanean jarraituko dugu gure proiektu kooperatiboaren segurtasuna eta sendotasuna bermatzeko.

Sale en portada general: