Iluntasuna gailentzen ari den garaiotan, argi printza bat piztu da Gipuzkoako Goierriko eskualdean. Bi urte eta erdiko ibilbidea du jada Biziola sareak. Bizitza erdigunera eraman eta Ekonomia Sozial Eraldatzailea sustatu nahi duen sareak. Izena ere halaxe dio: Biziola, Bizitzaren Fabrika.

Pasa den larunbatean salto kualitatiboa egin zuen jada sarea baino gehiago denak: kooperatibaren sorrera iragarri eta Biziola Fabrikaren ateak zabaldu zitzaizkien goierritarrei. 130 lagun inguru batu ziren bertan, eta epe motzeko erronkak eta mugarriak aurkeztu ziren.  Maiatzaren 14a. Orduan egingo da kooperatibaren batzar eratzailea, eta ordurako 500 bazkideren langa gainditu nahi da. Zertarako 500 bazkide? Biziola Fabrika martxan jartzeko baliabideak bildu, eta bizitzaren oinarrizko beharrei erantzungo dien espazioa indartzeko. Goierri ESEren balioetatik eraldatzeko espazioa. 

Koop57 Biziola sarearen lehen pausuetatik dago presente. Izan ere, eskualde mailako logiketan ere gure alea jarri dezakegula uste dugu. Barne dinamiketan parte hartzeaz gain, Koop57-k ere salto kualitatiboa eman du proiektuarekiko konpromisoan. Biziola zerbitzu bazkide egin da, eta Fabrikaren finantzazioan lagunduko du. 

Euskal Herrian alternatibak sortzeko bidean beste pausu bat, lurralde mailako estrategiak sendotzeko beste espazio bat. Koop57-k lanean jarraituko du lurraldez lurralde, espazioak irabazi eta bizitza erdigunean jartzen laguntzeko tresnak eskainiz.

Sale en portada general: