Coop57ren Euskal Herriko lurralde-saila 2015ean sortu zen. Gazte batzuk hilabete luzez lanean ibili ziren eta Ondarroan egin zuten prestatutakoaren aurkezpena.  Katalunian Koop57k bazuen esperientzia arrakastatsua eta, arlo ekonomikoan ere, Euskal Herria, antolatzeko bulkada duen herria dela esan daiteke. Beraz, aurrera egiteko tresnak bazeudenez, Koop57 Euskal Herriko lurralde-saila lantzen eta indartzen jarraitu zen.

Urte hauetan zehar, Koop57 EH-n pixkanaka haztearen alde egin dugu, pausu sendoen bidez, eraldaketa sozioekonomikoa ez baita egun batetik bestera lortzen. Bidea luzea da, baina bertan gaude eta urrutira goaz!

Euskal Herriko lurralde-saila eratu zenetik, proiektu desberdin ugarirekin egon gara elkarlanean; jaio berriak, esperientziadunak, arriskuan zeudenak, arrakastatsuak, bultzada batekin gaur sendoak direnak... Baina denak, ekonomia sozial eraldatzailean diharduten entitateak direnak eta gizarteari ekarpen positiboak egin eta balioa eranstea helburu dutenak.

Bazkide laguntzaile ugari ere batu dira gurera, beste eredu ekonomiko eta sozialak bultzatu nahi dituzten pertsona eta kolektiboek osatzen duten sarea handitzen doa, Koop57 EH handitzen doa. Burujabetza ekonomikoa gauzatu eta, aldi berean, etekinen maximizazioaren ordez, pertsonak, ingurunea eta lurraldea aintzakotzat hartzen dituzten eredu finantzarioak bultzatzea da helburua.