Pasa den urriaren 22, 23 eta 24an egin zen Kataluniako Fira d’Economia Solidària (FESC) azokaren X. edizioa. Hamarkada bete du azoka honek, eta helburu du ekonomia sozial eraldatzaileko proiektuak ikusaraztea eta saretzea; Xarxa d’Economia Solidària (XES) sarearen tresnarik indartsuena da.

Azoka hau espazio paregabea da Kataluniako ESE mugimenduarentzat, indar eta aniztasun osoz ager dadin. Erakusten du oinarrizko beharrizanak ase daitezkeela, ekonomia eraldatzailearen printzipioen arabera funtzionatzen duten proiektuen bidez. Anitzak dira proiektuon jarduera-eremuak: elikadura, agroekologia eta bidezko merkataritza, ehungintza, osasuna eta zaintzak, aholkularitza-proiektuak eta gestoriak, teknologia alorreko proiektuak, mugikortasun jasangarria edota energia. Baita etxebizitza-proiektuak ere, hezkuntzakoak, kulturalak edo komunikazio-proiektuak. Eta, nola ez, finantziazio-proiektuak ere bai, etikoak, solidarioak eta lurraldean jarduten dutenak.

FESC azokaren lehenengo edizioa 2012an egin zen. Urte hartan, erabatekoa zen mobilizazio soziala, egoera ekonomiko larria zela eta. M15etik gentozen eta, ziur aski, horrek ESE mugimendua bultzatu zuen. “Ez gara merkantzia, politikarien eta bankarien eskuetan” oihukatzen genuen.

Testuinguru horretan, jende askok, sistemaz nazkatuta eta alternatiba bila, martxan ziren alternatibekin egin zuen topo: finantza etikoak. Horren ondorioz, finantza etikoko entitateak azkar hazi eta oinarriak finkatu ahal izan zituzten, finantza-jarduera ere handitzeko.

Mobilizazio sozial horren zati batek ESE proiektu berriak sortzea erabaki zuen, eta mugimenduak dinamismo eta hazkunde handiak izan zituen. Coop57n beti adierazi dugu gure hazkundea ESEren hazkundeak ekarriko duela. Eta gure betebeharra da prest egotea eta ESE proiektuekin harremanetan egotea, beharrizanei erantzun hobeak emateko.

Hala, 2011-15 aldian, murrizketen garai krudelenean, administrazioak azterapenez ordaintzen zuenean eta bankuek kredituak ematen ez zituztenean, aurkakoa egin genuen guk, eta kredituaren iturria ahalik eta gehien irekitzen saiatu ginen.

Garai horren ondotik, 2015etik hona, gure helburua izan da jarrera proaktiboagoa izatea tokiko mailan ESEren alternatibak eraikitzeko. ESEk dinamismo handia zuen, erantzun berriak behar zituzten eremu berriak agertu ziren, eta ezin genituen gainerakoak bere horretan utzi.

Azken garaiotan, eta COVID-19aren pandemiak jota, gure obsesioa izan zen “erantzuna ematea”: likidezia ematea, maileguak itzultzeko luzamenduak adostea eta berfinantziazioak sustatzea. Horra azken hamar urteotan ESEren eta eraldaketa sozialaren zerbitzurako tresna izateko egin duguna.

Sale en portada general: