Joan den otsailaren 20an Koop57 Euskal Herriak bere Ezohiko Batzar Orokorra egin du lurralde sailean. Zarautzen egin dute, Lakari kooperatibaren egoitzan.

Kontsumo jasangarri eta arduratsuko kooperatiba da Lakari, eta bertako laborantza iraunkorra eta elikadura osasuntsua suspertzea du helburu. Ingurunean eragin positiboa izanik, produktu agroekologikoak prezio duinean eskaini nahi dituzte. Kooperatiba horrek hartu zuen otsail honetako Koop57 Euskal Herriaren asanblada.

2019an Euskal Herriko lanaren balorazioa egin ahal izan zen batzarrean. Jakinarazi zen zenbat bazkide laguntzaile eta zerbitzu-bazkide zeuden alta emanda, baita urtean zehar emandako mailegu kopurua ere. Bereziki, Hauspotu proiektua nabarmendu zuten, Uldabitza eta Olatukoopekin elkarlanean. Proiektu hori oso garrantzitsua izango da 2020. urtean zehar; izan ere, joan den urte bukaeran martxan jarri bazen ere, indarrean dagoen urtean eraginkorragoa egingo baita. Haien asmoa tokiko garapena sustatzea da, eskualdeen arteko desberdintasun sozioekonomikoak gutxituz, ekonomia sozial eraldatzailearen ezaugarriak dituzten proiektuei emandako mikrokredituen bidez.

Duela gutxi, Koop57 Euskal Herriak Idazkaritza Teknikoa aldatu du: orain arduradun gisa Maider Lukas dago, Aholku Koop. Elk. Txikikoa. Aldaketa horrekin, berrantolaketa baten garaia dela planteatu du Lurralde Sailak; batzarrean azaldu da gaur egun nola antolatuta dagoen eta lan-batzorde bakoitzean zer behar egon litezkeen.

Alde horretatik, antolakuntza-aldaketen barruan, lehendakaritza partekatua proposatzen da. Batzarrak aho batez onartu du Gorka Julio Hurtadok eta Jone Etxebarria Agirrek lehendakaritza hori partekatzea. Beraz, lurralde saileko ordezkariak ere izango dira Kontseilu Errektorean.