Submitted by Coop57 on
Biziola: Koop57 Euskal Herriak inoiz eman duen finantzaziorik handiena.
Duela ia hiru urte Biziolaren irekiera iragarri genuen, Koop57 Biziola sarearen lehen pausuetatik presente zegoela adieraziz. Gaur, elkarlanean bestelako pausu erraldoia egin dugula lau haizetara zabaldu nahi dugu. Biziolak Fabrika erosi du, Koop57-ren 700.000 €-ko finantzazioari esker, Koop57-n aurrezten duzuen pertsona eta entitate guztiei esker. Zuri esker!
Dagoeneko bost urte baino gehiago igaro dira Biziola, bizitza erdigunera eraman eta Ekonomia Sozial Eraldatzailea sustatu nahi duen sarea, eratzen hasi zenetik. Goierritar gazte talde batek eskualdea leku bizigarriagoa, jasangarriagoa eta ekonomikoki orekatuagoa izan zedin lanean hasi zenetik. Orain, Biziola, Bizitzaren Fabrika, martxan da, Lazkaon, duela urte batzuk Arruabarrena enpresa izandakoaren fabrika berdinean. Eta dagoeneko, bere filosofia eraldatzailearekin bat datozen eta interesa duten pertsona eta entitate ugarik osatzen duten ia 500 bazkideren sarea dira.
Biziola irabazi asmorik gabeko eta gizarte ekimeneko kooperatiba da. Goierri eskualdeko herritarrak, ekonomia sozial eraldatzaileko eragileak eta bestelako erakundeak saretzen dituena. Goierri burujabeago, iraunkorrago eta orekatuago baten bidean proiektu zehatzak martxan jartzeko.
Espazioak bost gune ditu: Momentuz, Elikadura burujabetza da gehien aurreratu dutena, produktuak bildu eta banatzeko logistikarako gunea martxan baitago. Produktuak eskuratu eta agroekologiaren bidean hezi eta hazteko espazioa izan nahi dute eta dagoeneko goierriko ia 30 ekoizleren sarea eratu dute. Produktuak eraldatzeko espazio bat ere martxan da, hasiera batean, gozogintzako obradore bat jasotzen duena. Hirugarren guneari dagokionez, plaza irekia deitu diotena da eta bertan hitzaldiak, tailerrak, mahai inguruak, antzerkiak, kontzertu txikiak egiteko erabiltzen dute. Mundu bizigarriagoak sentitzeko, ezagutzeko eta bizitzeko aukera ematen duena. Azken espazioa oraindik eraikitzeke dago baina badituzte hainbat pausu emanak; Ekonomia Sozial Eraldatzailean lanean diharduten proiektuentzako lanerako espazio eta proiektu berrien haztegi bihurtu nahi dute Fabrikako goiko solairua. Fabrika eraldatzen ari dira, Goierri eraldatzeko, Euskal Herria eraldatzeko, gure aurrezkiei esker.