2020ko udaberriaz geroztik, COVID-19ren pandemiak goitik behera aldatu ditu gure bizitzak, eta jende asko aterperik gabe utzi du. Urtean zehar, ekonomiak eragin desberdina izan du, jarduera-sektorearen arabera. Zehazki, bigarren hiruhilekoan gelditu egin zen, eta sektore eta lanpostu askotan izan zuen eragina. BPG-a %11 jaitsi da eta langabezia %16-tik gora kokatu da. 

Egia da, oraingoz, aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteek saihestu egin dutela kopuru horiek okerragoak izatea, baina, era berean, aldi baterako langile asko eta soldata txikienak zituztenak lan-merkatutik bota egin dituzte. Lan-krisia dagoenean, ondorio negatibo gehienak gizarteko geruza ahulenen lan-jarduerek jasaten dituzte. Hala, langabezia-datuak %18-koak dira emakumeei dagokienez (gizonen %14-rekin alderatuta), eta %40-koak 25 urtetik beherakoei dagokienez. Migratzaileen kasuan, 2020an 2019an baino %37 langabe gehiago zeuden. 

Etxean konfinatu gaituzte, etxerik ez dutenengan pentsatu gabe. Eta sistemaren mekanismoek areagotu egiten dute arazoa, modu kriminalean, baita egungo testuinguruan ere: 30.000 etxegabetze 2020an, Espainiako
estatuan. Egunean 80 kaleratze baino gehiago. 

Krisi bakoitzetik desorekatuago ateratzen gara. Eta ez da birusaren errua. Sistema sostengatu egiten da, ahulenen bizkarretan.

Sistemaren beste aldea: milmilioidunen kopurua %30 handitu zen 2020an, 2.755 pertsonara iritsi arte, eta horietatik %86-ak dirutza handitu du azken urtean. Guztira, 13 bilioi dolar dituzte denen artean. Espainiako BPG 1,3 bilioi dolarrekoa da, eta eurogune osokoa, 11,3 bilioi dolarrekoa. Dena esanda dago. Abal publikoen formularen bidez, bereziki Kreditu Ofizialeko Institutuaren abalen bidez, 120.000 milioi euro baino gehiago bideratu dira maileguetara pandemiaren garaian, enpresei likidezia emanez eta askok funtzionatzen jarraitzea ahalbidetuz, momentuz. Baina zorraren pilaketaren eta laguntza zuzenen arteko oreka oso txarra izan da. Oso egoera zaila eragin dezake datozen urteetan, enpresa askoren bideragarritasuna kolokan geratuko baita zor baten itzulketak baldintzatuta, zor hori ezin baitute kasu guztietan beren gain hartu.

Maileguak itzultzen ez badira, finantza publikoek hartuko dituzte beren gain galerak. Ohiko bankuekin gertatzen den bezala, galerak sozializatu eta irabaziak pribatizatu egingo dira.

Ildo horretan, balantzea ohikoa da: Espainiako bankuek 2.600 milioi euro irabaziko dituzte interesetan, Estatuak bermatutako maileguengatik soilik. Baina, nola jokatuko du banku espekulatzaileak abal publiko horiek desagertzen direnean? Finantziazioa ematen jarraituko dute? Edo esaera hau aplikatuko dute: banku batek aterkia ematen dizu eguzkia dagoenean eta kendu egiten dizu euria egiten duenean? Aurrekariak ez dira oso pozgarriak. 

Coop57, aldiz, ekonomia solidario eta eraldatzailearen zerbitzura dagoen tresna komunitarioa da. Kooperatibaren jardueraren oinarria ez da onura ekonomikoa, onura kolektiboa baizik. 2020an, gure obsesioa, batez ere, hauxe izan da: erantzuna ematea. 

Ekonomia eraldatzailearen beharrei erantzutea, pertsonetan oinarritutako ekonomia eraikitzen baitu. Coop57ko bazkideen errealitate berrietara egokitzen saiatzen da, tresna baliagarria izan dadin. Tresna hori beraiena da, eta beraz, beraien interesen alde egiten du, eta ez akziodunen interesen alde, zeinek bere burua identifikatu gabe, egindako jarduerari, hauek egiteko baldintzei eta horrek guztiak dituen ondorioei garrantzia eman gabe etekina bilatzen duten. Coop57n, berriz, horixe da gure ekintza gidatzen duen muina.

Zifratan esanda: 2020an, 100 mailegu baino gehiago birfinantzatu dira, 4,5 milioi eurorekin, eta 271 mailegu berri eman dira, 17’6 milioi eurorekin.

Coop57tik argi dugu, inoiz baino gehiago, pertsonentzako ekonomia eraiki behar dela, ingurunea errespetatuko duena eta inor atzean utziko ez duena. Eta herritarren aurrezpena ekoiztu eta kontsumitzeko beste modu bat eraikitzen duten proiektuak finantzatzera bideratu behar dela; hau da, mundu guztiaren beharrei erantzutera bideratutako eredu ekonomiko eta produktiboa garatzera.

Borroka eta erresistentzia urteak datoz. Alternatibak eraikitzekoa eta finkatzekoa. Ekonomia solidariotik ondo pentsatu behar dugu zer erantzun
eman nahi dugun eta nora jo nahi dugun. Ezinbestekoa da elkartasunaren, lankidetzaren, adimen kolektiboaren eta komunitatearen printzipioetatik
egitea.

Sale en portada general: