2020 honetan, Coop57 Fundazioak 524.251,33 euro kudeatu ditu guztira, hainbat kanpainatan jasotako ekarpenen bidez. Horietako asko ehun kooperatibistarekin eta gizarte-mugimenduekin batera egin dira. Fundazioa ESE ekimenen beharrizanen zerbitzurako tresna izan da, eta interkooperazioa eta elkartasuna izan ditu oinarri.

2020rako aurreikuspena zen Coop57 Fundazioa berrabiarazteko urtea izango zela, imajinatzeko zein bide hartu nahi ziren eta zer ekimen berreskuratu edo indartu nahi ziren. Baina, jendarte osoari gertatu moduan, pandemiak aurreikuspenak erabat aldatu zituen. Guztiz gainditu zituen. 
 
Krisi sozioekonomiko eta sanitarioarekin batera, tresna azkarrak behar ziren mugimendu sozialen eta ekonomia sozial eraldatzailearen zerbitzura, egoera berriak agerian utzitako hutsuneak betetzeko. Ildo horretatik, fundazioak parte hartu duen zenbait ekimenen helburua zen pandemiaren eragina geldiaraztea eta ESEk bere egiteko moduak indartzea, dagoeneko ibilbide luzea baitu.

Urte hasieran, hainbat kanpaina antolatu ziren fundazioaren lanari berriz ekiteko. Gazpacho Gitanoren kanpaina, esaterako, pandemiaren aurretik su txikian prestatzen ari ziren. Testuinguru berriak proiektua berrantolatzea eragin zuen. Asociación Cultural Gitana Vencedores elkarteak, Coop57 Andaluziak eta Fundazioak sustatutako kanpainak 37.826 euro bildu zituen 425 dohaintza bidez. Pasa den azarotik aurrera, martxan da sukalde industrial komunitarioa, eta 70 etxetarako otorduak eskaintzen ditu. 
 
Baina Fundazioak 2020ko lanaren zati handiena krisi sozioekonomiko eta sanitarioari erantzun zuzena ematea izan da, eragile kooperatiboekin eta oinarriko taldeekin elkarlanean arituta. Kataluniako, Euskal Herriko eta Andaluziako ESEko hogeita hamar bat entitate eta sareekin ehundu da, eta aliantza historikoak berreskuratu ditu —Òmnium Cultural, ECAS eta Som Energiarekin, adibidez—. Aliantza berriak ere sortu dira. 
 
Hainbat interkooperazio-kanpaina egin dira, eta guztira 4.318 ekarpen jaso dira: Bizihotsa (68.168,02 euro), Fons Cooperatiu ESS (95.096,26 euro) eta Projecte Lliures (282.401,09 euro). Laugarren hiruhilekoan, Coop57 Fundazioaren oinarri soziala handitzeko kanpainaren barruan, 40.858,97 euro bildu ziren 184 dohaintza bidez, eta horrek fundazioaren barne-antolaketa eta hedapena indartzen lagundu du. 
 
Ekarpenen bolumen guztia kudeatuta, 94 ekimen lagundu dira, eta horietatik 74 larrialdi soziosanitarioari erantzun zuzena emateko izan dira. Komunitateko elikaduraren eta etxebizitzaren arloan ekimenak izan dira (39 proiektu); zaintza komunitarioa (12 ekimen); Covid-19ren aurkako babes-materiala ekoiztea (9); ESEn protagonista berriak sartzea (5); herrialfabetizazioa (3); etxebizitza-eskubidea (3); informazio komunitarioa eskuratzea (2); eta autogestionatutako kultura (1). Hamabi proiekturen finantza-sendotasuna bermatzeko baliabideak eskaini dira. Gainera, zortzi ekimenetarako baliabideak eman dira Germinador Social ekimenaren baitan, trantsizio energetikoa sustatzea helburu duen lehiaketaren esparruan.

2021. urterako, beharrezkoa da Coop57 Fundaziorako aldizkako dohaintzen oinarri egonkorra finkatzea, aliantzak sortzen jarraitzeko beharrezko baldintza sendoak erraztuko lituzkeena, proiektu kolektiboen zerbitzura ateak irekitzen jarraitzeko eta oinarrizko proiektu eraldatzaileei laguntzeko, eraldaketa soziala sortzen ari baitira. Horregatik guztiagatik, gure oinarria sendotzeko beharrezkoa izango da guztion inplikazioa: Coop57 osatzen duten pertsona eta entitate guztiena.
Sale en portada general: