Badirudi, pixkanaka-pixkanaka, COVID-19ak dena okupatzeari utzi diola. Burua jaso eta aurrera begira jarri gara. Pandemia osteko egoera honetan, agenda makroekonomikoan elementu berri batzuk iragartzen ari dira gaitz guztien sendabidea izango direlakoan: “Next Generation” funtsak. 

Europar Kontseiluaren akordioa da hori, 750.000 milioi euro bideratzeko —zor komunitarioa jaulkiz finantzatuta— “trantsizio ekologikoa” eta “digitalizazioa” izenekoetara. Espainiar Estatuari aurrekaririk gabeko zenbatekoa dagokio: 140.000 milioi euro. Horietatik 72.000 milioi itzuli beharrik gabeko diru-laguntzak izango dira, eta, gainerakoa, kredituak. 

“Zor-jaulkipen bidez finantzatzeak” esan nahi du babes-balore bila dabiltzan merkatuek jarriko dutela dirua. Zorpetzen direnak Europako herrialdeak izango dira, eta erraz erabaki dezakete herrialdeok, epe laburrean, gehiegizko zorpetze hori ordaintzeko beste austeritate-bolada bat. Hainbat neurriren artean, gastu publikoa doitzea edo lan-merkatua eta pentsioak erreformatzea erabaki dezakete.

Oraingoz, dirudienez, baliabide publikoak korporazio handietara bideratu dira gehienbat, ekoizle txikiak alde batera utziz. “Trantsizio ekonomiko handia” deiturikoa diru publikoa sektore pribatura transferitzea da eta, hala, lan-, gizarte- eta ingurumen-eskubideak urratzen dituzten enpresa erraldoien onurak handitzea. Ez da inondik inora trantsizioa, putzu bera zulatzen duen desberdinkeria-sistema hau betikotzea baizik.

Berriro osatu da, hortaz, diru publikoa sektore pribatura transferitzeko zikloa. Alde batetik, merkatuek 750.000 milioi euro jarri dituzte balio seguruetan, eta, bestetik, korporazio handiek sekulako dirulaguntzak jasoko dituzte beren inbertsioetarako. Batzuek finantzatu, beste batzuek finantziazio hori jaso, eta, bien bitartean, zorra sektore publikoarentzat.

Beste behin ere, hitzek esanahia galdu dute. “Trantsizio ekologikoa” eta “digitalizazioa” darabilte ahoan, baina hazkunde ekonomiko amaigabearen dogma betikotu baino ez da egingo, “kapitalismo berdearen” izenean. Eta ez da jasangarria izango, planeta mugatu baten energia-kontsumoa eta kontsumo materiala handitzea badakar. 

Halaber, digitalizazioak ez du esan nahi lehengaiak gutxiago erabiliko direnik, alderantziz, elektronika guztia fabrikatzeko beharrezkoa baita kobaltoa, nikela edota litioa erauzteko industria. Praktika bortitz eta kolonialak erabiltzen dira lehengai horiek erauzteko, eta lanprekarietatea, desplazamendu behartuak eta indarkeria eragiten dute Hegoaldeko herrialdeetan. Gainera, etengabe konektatuta egoteko azpiegitura teknologiko handia behar dugu. Eta ez da jendartean kontsumo-gizarteari eta lehengaien erabilerari buruzko eztabaidarik sustatu.

Pandemiak agerian utzi du zer den funtsezkoa bizitza sostengatzeko. Ekonomia eraldatzailean aspalditik ari gara irudikatzen zer eredu eraiki nahi dugun, nola uztar daitezkeen ekonomia demokratiko eta eraldatzailea eta sektore publiko indartsu bat; nola sustatu trantsizio energetikoa kontsumoaren kontzientziazioaren bidez; nola egin inklusioa eta kontziliazioa sustatuko dituen digitalizazioa bermatzeko, sarbide unibertsala duen bidezko komertzializazio batetik. 

Bizitza jasangarria nahi badugu eta sozialki bidezkoa den sistema ekonomikoa eraiki nahi badugu, begirada feminista eta antiarrazista barne hartuta, aldatu egin behar dira aberastasuna sortzeko eta banatzeko oinarriak.

Kooperatibismoak badu gaitasuna lan-esplotazioaren eta prekarietatearen aurka borrokatzen duten ekimenak sortzeko, eta kontsumo kolektiboan eta zerbitzuen eremuan erantzuna emateko. Halaber, sustatzen ditu zerbitzu komunitarioa eskaintzeko proiektuak, kalteberatasun-egoeran dauden pertsonak eta kolektiboak gizarteratzeko eta laneratzeko. Indartzen ditu energia-eredua demokratizatuko duten ekimenak, formula kolektibo eta eraginkorren bidez. Etxebizitza eskuratzeko eredua zabaltzen du, haren erabilera-balioan oinarritua, eta ez merkatuaren espekulazioan. Ekimen agroekologiko eraldatzaileak eta landa-munduari bizitasuna itzultzen diotenak batzen ditu. Hainbat eta hainbaten artean. Eta, noski, finantza etikoak erabiltzen ditu, ekonomia sozial eta eraldatzailearen behar aldakorrei behar bezala erantzuteko.

Pandemiak irakatsi digu Lurrak, arnasa hartzen uzten diogunean, birsortzeko gaitasun aparta eta emankorra duela. Izan gaitezen planetaren parte, planeta gure parte dela pentsatu beharrean

Sale en portada general: