‘Luz de Todos’ kooperatibagintza eta nazioarteko elkartasuna oinarri dituen proiektua da eta bere helburua Guatemalako San Pablo de Tacaná herrian mini-hidroelektrika bat eraikitzea da. Energia-trantsizioa, energia erriztagarrien erabilera eta jabetza komunitarioa uztartzen dituen Erdialdeko Amerikako lehen proiektua da. Proiektua aurrera atera ahal izateko, 164 pertsonak eta zenbait entitatek abal mankomunatuak eta berme-funtsari ekarpenak egin dizkiote 268.800 euro bilduz

 "Luz de Todos" elkar-laguntza eta autogestio komunitarioko proiektuaren bidez, kooperatibak San Pablo de Tacaná herriak kudeaketa pribatua zuen sare elektrikoa berreskuratzeko landutako proiektuan lagundu ahal izan du. Coop57 Catalunyak Guatemalan hasi eta Mexikon itsasoratzen den Coatán ibaian zentral hidroelektriko txiki baten eraikuntza fnantzatu du. 250.000 euroko mailegua L’Olivera Fundazioari egin zaio komunitateak kudeatzen duen San Pablo Hidroelektrikaren proiektura bideratu dezan.

Ekimena San Pablo de Tacaná-ko herritarrek bultzatu dute Centro Autogestionario Solidaridad Área Latina (CASAL), L’Olivera, Aiguasol, Tàndem Social eta FETS elkarteekin elkarlanean. Beren lurraldean energia-ekoizpena berenganatu duten botere ekonomiko eta transnazionalen gehiegikerien aurrean, herritar guztien hornidura elektrikoa bermatu nahi dute elkarrekin. Hala, komunitateak argindar-zerbitzuaren kudeaketa esku pribatuetatik berreskuratu eta argindarra eskuratzeko oztopoak kenduko dituzte. Proiektuaren egunerokoa ikustera gonbidatu nahi zaituztegu euren webgunean.

 

Ondasun komunen kudeaketa komunala berreskuratzea

Proiektuaren helburua komunitateak energia garbia ekoiztea eta inguruko lurraldeekin batera energia-burujabetza lortzea da. Guztira 393.650 euroko kostua du. Finantzatu ahal izateko, Tacaná udalerriak 50.000 euro jarriko ditu eta San Pablo komunitateak 93.650 euro esku-lan eta eraikuntzan. Bestalde, Coop57k emandako mailegua 10 urtetan itzuliko da, bi urteko gabetasunarekin eta zortzi urteko kapital-itzulerarekin. 

Guatemalako San Pablo de Tacaná herria, ia 3.000 metrotako altitudera eta Tacaná sumenditik gertu, terraza eta basoz osaturiko magal aldapatsuetan banatuta dauden maya mam komunitateko 170 familiaz osatua dago. Guatemala Latinoamerikako jatorrizko herri gehien dituen herrialdea da, 15,5 milioi biztanletik % 65 inguru, eta komunitate hau horietako bat da. Zoritxarrez, Guatemala herri indigenen kontrako indarkeria eta erailketa gehien duen herrialdea ere bada. 

Gaur egun, San Pablo de Tacaná herriak ez du argindar-energia eskaintzen duen zerbitzurik. Enpresa banatzaileak kobratze bidegabeak egin, herritar gehienentzat ia ordainezinak diren kuotak jarri eta urtetako gatazken ostean, banatzaileak hornidura etetea erabaki zuen. Zentral hidroelektriko txikia San Pablo komunitatearen jabetza izango da akzioen bidez eta energia elektrikoa sortu, garraiatu eta komertzializatzeko sortu duten sozietate anonimoaren bidez kudeatuko da. Sozietatea Guatemalako ogasun-erakundean dago izen emanda, herrialdeko legeek ezartzen duten moduan. 

1998an, Unión Fenosak irabazi zuen Guatemalako argindarzerbitzua pribatizatzeko lehiaketa. Gatazka handiko garaia izan zen. 2004an, herrialdeko Konstituzionaltasun Gorteak kobraketa bidegabeak egiten ari zirela eta enpresak erabiltzaileei 200 milioi euro inguru itzuli behar ziela adierazi zuen. Herritarrak, transnazionalaren gehiegikerien aurrean (kobratze ilegalak eta etengabeko etenak horniduran), argiaren ordainagiriak ez ordaintzeko antolatu ziren. Gatazka horretan hamaika nekazallider baino gehiago erail zituzten. Fenosak Guatemala 2012an utzi zuen, baina gatazkek aurrera egin zuten ENERGUATErekin, banaketa egitura berarekin jaso zuena. 2018ko maiatzean, San Pablo komunitateari argindar-zerbitzua eten zioten eta honek, behin-behinean, sorgailu diesel bat jarri zuen herritarrei argia eskaintzeko egunean ordu batzuz. 

Sale en portada general: