Desberdintasun sozialen gorakada. Gehiengoa pobretzea eta hautatutako gutxieneko bat aberastea. Larrialdi klimatikoa. Higiezinen burbuila berria. Pobreziaren kriminalizazioa eta pertsona migratzaileen jazarpena. Hiriguneen gentrifikazioa eta turistifikazioa, eta nekazaritza-guneen despopulazioaren gorakada. Gutxiengo batek aberastasuna eta baliabide naturalak erabilera pribaturako eskuratzea oinarri gisa duen sistema ekonomiko eta sozialaren ondorio batzuk baino ez dira.

Ekoizpen- eta kontsumo-eredu erauzle horrek ahal duen guztia merkaturatzen du, pertsona gutxi batzuen irabaziak handitzen jarraitzeko, gehiengoaren kontura eta ekosistema naturalak degradatuz. Klimaren aldeko munduko grebaren adierazpenari jarraiki, XXI. mendeko kapitalismo horrek “arriskuan jartzen du gure biziraupena, eta bidegabeki egiten du talka munduko biztanleria pobre eta ahulenekin”.

Ondasun eta baliabideak merkaturatzen dituztela eta bizitza okerrera egiten ari dela ikusirik, alternatiba bat eraikitzeko lanean jarraitzea beste aukerarik ez zaigu geratzen, bizitzaren eta planetaren iraunkortasuna bermatzeari dagokion pisua emateko. Alternatiba horrek urteak daramatza sustatzen pertsonen beharrak modu kolektiboan aseko dituen ekonomia sozial eta solidarioa, ekitate-irizpideak ezarriz sortutako aberastasunaren banaketan, ohitura demokratiko eta parte-hartzaileekin funtzionatuz, eta bizitzaren ugalketaren oinarrian dauden ekosistema naturalen zaintzan arreta jarriz. Feminismoetan agerian jartzen den bezala, bizitzea merezi duen bizitza.

Kapitalismo harrapakariaren eredu alternatiboa benetan gauzatu ahal izateko, ezinbestekoa da kapitalismo horren oinarrian dauden logikak baztertzea eta alde batera uztea, interes kolektiboan eta elkarkidetza-harremanetan oinarritutako dinamika eta jardunbide komunitarioak berreskuratuz eta sendotuz. Dinamika eta jardunbide horiek ondasunak eta baliabideak partekatzea bultzatu behar dute, beren erabilera komunal eta kooperatiboa sustatuz, eta ondasun eta baliabideak merkaturatzea saihestuz.

Publiko gisa hartzen duguna berriz definitu behar du eredu horrek, komunitatearekin lotuz publikotasuna, eta komunitatea ahaldunduz. Harreman ekonomikoak eraiki behar ditu behetik eta sare komunitario, kooperatibo, autogestionario eta mutualistetatik. 

Dinamika horretan, funtsezkoa da oinarrizko baliabideak komunitatearen esku jarriko dituzten esperientziak garatzea, ondasun horiek merkatutik aterako dituztenak, erabilera kolektiboa bermatuko duten jabetza komunitarioen bidez. Ura, energia, garraioa, lurzorua, etxebizitzak, nekazaritza-finkak eta –ekosistemak… Ezin ditugu horiek denak merkatu espekulatibo baten esku utzi: berreskuratu egin behar ditugu, eta komunitatearen mesederako kudeatu, etorkizuneko belaunaldientzat zainduz.

Ondasunen eta oinarrizko baliabideen sozializazio komunitario horri laguntzeko, berrikuntzak egiten jarraitu behar dugu, erantzun berriak sortzen eta tresna kolektibo eta kooperatibo berriak sortzen, ondasun komunitarioak zaintzeko beharrezko inbertsioen finantziazioa oztopo gaindiezina izan dadila ekidinez, praktikan erakutsiz aukera badagoela bere jabetza eta erabilera kolektiboa errespetatuko duten irtenbideak eraikitzeko. Egiaztatu behar dugu egingarria dela nekazaritza-eremu autonomo eta komunitarioak eta auzoak babesteko sareak garatzea, prozesu espekulatiboetatik babesteko.