Maiatzak 30, ostirala. Goizez, eguerdiz, arratsaldez edo gauez. Trenez, hegazkinez edo kotxez. 70 pertsona inguru, arropa pixka bat maleta batean sartuta, Sevillarantz abiatu ziren ideia andana eta elkartzeko gogo handiekin, beraien denbora eta energia Coop57 proiektuari eskaintzera. Hauxe dugu proiektuaren altxor handienetakoa: proposatzen diren parte-hartze erronkei prestutasunez erantzuten dien oinarri soziala.

Larunbaterako, ekainak 1erako, ekimen ugariz osatutako agenda genuen. Erronka hirukoitza. Goizez, Batzordeetako Topaketa
aurreikusita zegoen, arratsaldez, Asanblada Orokorra eta, gauez, Andaluziako Coop57 lurralde sailaren 10. urteurrenaren ospakizuna. Horretaz gain, Vencedores Ijito Kultur Elkarteak prestatutako bazkaria eta zenbait proiektu eraldatzaile, kooperatibo eta komunitarioetara bisitak.

Batzordeen topaketa

Batzordeen topaketan, Coop57ko lurralde sail guztietako batzorde sozial eta teknikoen ordezkariek hartu zuten parte. Batzordeen helburua Coop57 entitate bazkideen ebaluazio sozial eta ekonomikoari buruz hitz egitea, ideiak partekatzea, elkarrekin ikastea eta aurrera egitea zen. Horretarako, kasuen ebaluazioarekin loturiko prozesuak eta irizpideak partekatu ziren eta baita haien arteko antzekotasunak eta aldeak identifikatu ere. Antzekotasunak kohesioa eta komunean dugun proiektua indartzeko baliagarriak dira. Ezberdintasunetatik,
batzuetan ikaspenak eratortzen dira eta, besteetan, funtzionatzen ez duten eta zuzendu beharreko aldeak antzeman daitezke. Beharrezkoa bezain baliotsua den ariketa, alegia.

Asanblada Orokorra

Arratsaldeko asanblada orokorrean Coop57ren etorkizunerako garrantzitsuak izango diren askotariko gaiak eztabaidatu genituen. Adibidez, Lurzoru Komunitario gisa izendatutako eta oinarri komunitarioak dituzten proiektuentzat garatu den lan-ildo berriaren onarpena, edota Coop57 Fundazioa delakoa bultzatzeko plangintza. Asanbladaren bizitasuna zein eztabaida sutsuak pertsona eta entitate guztiek Coop57ri aitortzen dioten garrantziaren isla direlakoan gaude. Horretaz gain, eta aho batez, lurralde sail guztiek zazpigarren lurralde
sailaren hasieraren alde agertu ziren: Coop57 Asturies. Ongi etorri Coop57ra!

Coop57 Andalucía-k 10 urte bete ditu

Eta lan handiko eguna eta gero, Tramallol zentro komunitarioan Coop57 Andalucía sorreraren 10. urteurrena ospatzeko afaria izan genuen. Azken hamarkadan Andaluziako lurralde sailak proiektua sendotu eta ingurunean errotu du, askotariko proiektu eraldatzaileak bultzatuz; besteak beste, hasierako Almenara edo Fundación Girasol, oso ezagunak izan diren Marinaleda eta Cooperactiva, edota Puerto Realeko igerilekuetako egitasmoa.

Hitz batez, oso baliagarria izan zitzaigun intentsitate handiko asanblada; pertsonak bere inguruan eta lurraldean kokatzen dituen eta horiei begira dagoen ekonomia eraldatzailearen bideak elkarrekin garatzeko une eta gune garrantzitsua.

__________________________________________________

Sevillako proiektu eraldatzaileak ezagutuz

Larunbatean zehar Sevillako hirian kokatutako eta ekonomia solidarioan oinarritutako proiektu ezberdinak bisitatzeko eta ezagutzeko aukera izan genuen. Goizeko lehen pausoek Lanonima espazio sozial eta komunitariora eraman gintuzten eta hortik hirigune historikoan dagoen Rey Moro baratza komunitario eta autogestionatura. Horretaz gain, pentsamendu kritikoa bultzatzen dituzten bi liburu-denda ezagutzeko aukera izan genuen: La Caótica eta La Fuga. Amaitzeko, pertsona, kolektibo eta entitateen aholkularitza eta sostengu juridikoa jorratzen duen Autonomía Sur-era bertaratu ginen.

Eguerdian, 3000 Viviendas auzoan kokatuta dagoen eta Vencedores Ijito Kultur Elkarteak kudeatzen duen Centro Deportivo Sevilla 3000-n elkartu ginen. Vencedores Elkarteak estatuan dagoen zonalde pobretuenetako batean gizarteinklusiorako lan garrantzitsua egiten du. 

Arratsaldez, bigarren ibilbide bat egin genuen. Higiezinen espekulazioren kontrako Casa Pumarejo auzotxe esanguratsua bisitatzeaz gain, egun coworking espazio bilakatu duten antzinako kapelen lantegia eta dagoeneko aipatu dugun Tramallol kooperatibara joan ginen.

__________________________________________________