Somos Todas Batzorde Feministaren ekintza garrantzitsuenetako bat da noizbehinka elkartu eta elkar zaintzeko gune bat sortzea. Horregatik, gutxienez urtean behin, aurrez aurreko topaketa bat egiten dugu, elkar ikusteko eta non eta nola gauden partekatzeko. Azaroaren 15 eta 16an Bartzelonan elkartu ginen, Madril, Aragoi, Euskal Herria eta Kataluniako kideekin.
Ostiral goiza guretzako hartu genuen, 45. buletineko artikuluan partekatzen ditugun 2024rako proposatutako ildo estrategikoak eta ekintzak baloratzeko. Dinamika horretan zehar zehaztu genuen zer alderdi garatzen jarraitu nahi genuen, zer lorpen izan genituen eta "trastelekuan" zer ekimen utzi, aurrerago berriro martxan jartzeko.
Arratsaldeko lehen orduan, Casa Solidaria Berta bisitatu genuen (Berta Cáceresen izena eman zioten, 2016an hil zuten ekintzaile ekologista hondurastarra), Gràcia auzoko etxebizitza bat. Casa Bertaren helburua da aterpe seguru bat eskaintzea etxeko langile gisa aritzen diren emakume migratzaileei, bai eta Latinoamerikako beste herrialde batzuetatik seme-alabekin datozenei ere. Elkarteak elkarlaguntza sustatzen du, bizitza duin baterako jakintzak, estrategiak eta alternatibak trukatzea ahalbidetzen duten laguntza- eta prestakuntza-espazioak sortuz. Etxean, emakumeek beren gela propioak dituzte, eta espazio komunak partekatzen dituzte, zaintzak, mantenua eta bizikidetza elkartearen laguntzarekin autogestionatuz. Zalantzarik gabe, esperientzia inspiratzailea izan zen, itxaropenez eta harrotasunez bete gintuena.
Han ginela, Col·lectiu Punt 6 kooperatibak Etxebizitza Komunitate Ekofeministak izeneko proiektuaren feedbacka partekatu zigun (Coop57 Fundazioaren bidez parte hartu genuen proiektu horretan). Bisitan Casa Berta-ko eta Mujeres Migrantes Diversas proiektuko kide den Paulak proiektuaren hastapenen eta ibilbidearen berri eman zigun, eta La Solar etxebizitza feminista kooperatibako ordezkariak ere gurekin izan ziren.
Bukatzeko, eraikinaren teilatuan ginela, txokolate bero bat esku artean, Collectiu Punt 6-ko Roser kideak proiektu osoaren garapena azaldu zigun, eta La Solar Kooperatibak, berriz, Mujeres Migrantes Diversas-ekin lotutako bizikidetza-proiektua azaldu zuen.
Larunbat goizean, Esberla Kooperatibako Marionarekin hitz egin genuen, eta "Bizitza erdigunean jartzea: feminismoa eta zaintzen erantzukidetasuna erakundeetan" izeneko tailerra egin genuen. Horrek tresna gehiago eman zizkigun erakundean plan feminista bat egitea ahalbidetuko digun diagnostikoa egiteko.
Bi egun horiek ikusezina ikusarazteko kooperatibak zer egin dezakeen hausnartzera bultzatu gaituzte. Uste dugu bizitza erdigunean jartzeak jasangarritasun ekonomikoa nahiz emozionala eta gizatiarra kontuan hartzea dakarrela. Horrek esan nahi du interdependentzia, zaurgarritasuna eta elkartasuna erdigunean jarriz sortu behar ditugula harremanak. Balio horiek garrantzitsuak dira, eta gure erakundean nahiz finantza-jardueretan onartu, partekatu eta aplikatu behar dira. Horrela joan zen gure Batzordearen topaketa, eta bide honetan aurrera jarraitzeko eta hausnartzeko indarberritu gintuen.
Batzordeari buruz gehiago jakin nahi baduzu edo bertan parte hartu nahi baduzu, gurekin harremanetan jar zaitezke socis@coop57.coop.