Ekonomia sozial eta eraldatzailearen maximoetako bat zera da: gure kontsumoa eraldatzailea dela. Supermerkatu kooperatiboak sortu ziren eguneroko erosketa kontzienteak sustatzeko eta ekoizle eta kontsumitzaileen arteko sarea ehuntzeko. ESEko erakundeak dira eta, hortaz, erabakiak kontsumitzaileek hartzen dituzte. Era berean, ekoizleen eta kontsumo agroekologikoko taldeen ahotsak ere kontuan hartzen dituzte.

Profesionalizazioa eta boluntariotza uztartuta, proiektuok osatzen dituzten pertsonak inplikatzen dituzte, bezero pasibo izan ordez, egitura osoko eragile aktiboak izan daitezen. Bazkideak dira jabeak, kontsumitzaileak eta langileak. Produktuak merkaturatu, saldu eta kontsumitzeko eredu nagusia eraldatu nahi dute, eredu berria izan dadin ingurunearekin konprometitutakoa, gardena, irabazi asmorik gabekoa, sortzailea eta inklusiboa. 
 
Apalek betiko auzoko dendak gogorarazten dizkigute, eta egiteko betiko moduak berreskuratzen dituzte, hala nola, solteko salmenta eta ontzi berrerabilgarriak. Supermerkatu kooperatiboetan, erosketa-saskia osorik bete dezakegu, eta etxe baten behar guztiak asetu, sukaldetik hasi eta konketara arte. Besteak beste, xaboiak, fruitu eta barazkiak, kosmetikoak, haragia eta arraina, izoztuak, garbiketarako produktuak eta kontserba-latak eskaintzen dituzte, jasangarritasuna eta ongizate komuna ardatz nagusitzat hartuta. 
 
Horiei guztiei gehitzen zaizkie gure aitonamonek erosketa-saskian ez zituzten produktuak: tofua, banbuzko tresnak, algak edota konbutxa. Supermerkatu kooperatibo batzuk Coop57ko zerbitzubazkide dira. Duela gutxi jaiotako proiektu batzuk azalduko dizkizuegu.
 
La Osa supermerkatu kooperatiboa (Madrid)
 
La Osak abenduan ireki zituen ateak. Bazkideek, 2011ko 15M mugimenduaren baitan, kontsumo-taldeekin izan zuten esperientziatik sortu zen proiektua, eta kontsumo- eta lan-kooperatibarantz jauzi egitea erabaki zuten. Denda fisiko horren bidez, jarduera ekonomikoak hobetu eta zabalduko dituzte nekazaritza ekologikoa eta bidezko merkataritzaren sektorean. Autozerbitzua eta lagundutako salmenta uztartuta, La Osak produktu-sorta zabala eskaintzen du erosketa-saskiaren behar guztiak arrazoizko prezioan betetzeko. 
 
La Feixa (Catalunya)

Aurten ireki ditu ateak Mataron, irabazi asmorik gabea, autogestionatua eta parte-hartzailea den kontsumo-kooperatiba honek. Produktu ekologikoen hiriko kontsumitzaile-taldeen eskala aldatzeko beharretik sortu da. Hurbileko ekoizleak eta gizarte-ekimeneko proiektuak lehenesten ditu. Gainera, elkartzeko eta sozializatzeko gunea izan nahi du. Edonork eros ditzake produktuak, baina bazkide kontsumitzaileek prezio merkeagoan dituzte produktuak. Proiektua finantzatzeko, 92 pertsonak eman diote abala Coop57ren kredituari, eta 57k titulu parte-hartzaileak sinatu dituzte.
 
SupercoopManresa (Catalunya)

Oraindik ateak ireki behar baditu ere, 700 bazkide ditu jada, gaur egungo kontsumo moduak aldatzeko prest. Honako balio hauei emango diete garrantzia produktuak eskaintzean: ahalik eta gutxien prozesatutakoak izatea, osasungarriak, ahalik eta hondakin gutxien sortzen dituztenak, eta ekoizpen-katean inplikatutako pertsona guztien lan-baldintzak zaintzen dituztenak izatea. Supercoop Manresaren irekiera gero eta gertuago dago.
Sale en portada general: