Finantza etiko eta kooperatiboen zutabe bat gardentasuna da, konpromiso etikoagatik, zintzotasuna praktikan jartzeagatik, borondate eratzaileagatik, eta informazioa libreki eskuratzeko praktika gisa, jakiteko, azken buruan, zertarako erabiltzen diren gure aurrezkiak.
Ildo horretan, 2024ko ekitaldia oraindik itxi ez den arren, urteko lehen zifra batzuk partekatu nahi ditugu bi datu handiren bidez: emandako mailegu berrien bolumena eta abian diren maileguen saldoa.
Lehenik eta behin, garrantzitsua da bi kontzeptu horiek ulertzea: emandako mailegu berriak denbora-tarte jakin batean egindako eragiketa berriak dira; adibidez, hiruhileko bat edo urte bat.
Abian diren maileguen saldoa, aldiz, oraindik indarrean dauden maileguetatik itzuli gabe dagoen kapital osoaren batura da, noiz eman ziren kontuan hartu gabe.
Gaiari helduz, ikusten dugu zifrek berretsi egiten dutela azken urteotako hazkunde joera, non jarduerak bizi-bizi jarraitu baituen.
Urte honetan, eta bederatzi hilabetean soilik, 272 eragiketa berri sinatu dira, guztira 19 milioi eurotik gorako balioa dutenak, eta Coop57ren historiako saldo bizi handiena erregistratu da; 2024ko irailaren 30ean ia 45 milioi eurokoa zen.
272 eragiketa berri horiek jarduera-sektore desberdinetan banatzen dira. Aipagarriena arlo soziala da, pertsona eta kolektibo jakinei arreta ematekoa: 7,5 milioi euro bideratu dira bertara.
Jarraian honako arloak daude: arteak eta kultura; hezkuntza eta prestakuntza; ingurumena, jasangarritasuna eta trantsizio energetikoa, eta espazio sozialen eta ekonomia sozial eta solidarioaren sareen finantzaketa. Bost jarduera-eremu horiek 2024ko lehen bederatzi hilabeteetan egindako eragiketa berrien % 75 osatzen dute.
Aipatu dugun beste zenbatekoa abian diren maileguen saldoa da. 2024ko hazkundeak azken urteetako joera bizkorrari jarraitzen dio; izan ere, zifra hori bikoiztu egin da bost ekitalditan, eta 2019an 20 milioi baino zertxobait gehiago izatetik 2024ko irailean ia 45 milioi euro izatera igaro da.
Hazkunde horren arrazoia, hein handi batean etxebizitza-proiektuei edo lokalak eskuratzeko proiektuei lotutako mailegu handiak eta iraupen luzekoak ematea da; izan ere, erakunde bazkideek, likidezia-beharrak asetzera bideratutako maileguek ez bezala, askoz motelago itzultzen dute mailegatutako kapitala.
Bestalde, aurrezkia ez da erritmo berean hazi; izan ere, 2024ko lehen bederatzi hilabeteetan hazkunde garbia –ekarpen berriak, itzulketak deskontatu ondoren– bi milioi euro ingurukoa da, uneko maileguen saldoaren bost milioiko hazkundearen azpitik. Eta joera hori aurreko ekitaldietatik errepikatzen ari da.
Horrek guztiak erronka handi bat dakarkigu. Coop57k datozen urteetan bere ekintza eraldatzailea garatzen jarraitu ahal izateko –mailegu berriak ematea– beharrezkoa da guztion artean aurrezkiaren bilketa handitzen jarraitzea, dela egindako ekarpenei eutsiz, dela ekarpen berriak eginez nahiz gure inguruko pertsonak guk bezala egin dezaten konbentzituz, subiranotasun ekonomikoaren eta gizarte-eraldaketaren proiektu batean sar daitezen.