Submitted by Coop57 on
Coop57k bi mailegu eman dizkio Som Energiari, 2 milioi euro guztira, energiaren kostu gorakorraren eskakizunei eta ordainketei erantzuteko. Bi mailegu hauek Coop57k inoiz egin duen operaziorik handiena dira, aparteko mekanismoak aktibatu dira Som Energiaren beharrizanetara egokitzeko.
Energiaren merkatua. Oinarrizko ondasuna merkantilizatzea
1997 urtea momentu erabakigarria izan zen elektrizitate-sektorean, urte horretan sustatu baitzen Espainiako elektrizitate-merkatuaren liberalizazioa. Prozesu horren harira pribatizatu zen “Empresa Nacional de Electricidad Sociedad Anónima” (ENDESA) sozietate publikoa. Elektrizitatea oinarrizko ondasun izatetik merkantzia izatera pasa zen, eta bete-betean murgildu zen irabazi maximoa lortzeko logika kapitalistan.
Pribatizazio hori kontsumitzaileentzako garaipen handia zelakoan saldu zuten, arau neoliberalen arabera, eszenatoki lehiakor batek (eta ez estatuaren monopolioak) bermatuko baitzuen lortzea sektore eraginkorra, zerbitzu hobeagoa, eta ahalik eta prezio lehiakorrenak.
Alabaina, errealitatea da prezioak etengabe igo direla ordutik, eta maximo historikoetara iritsi dira, gaur egungo zifra kaotikoetaraino. “Lehia askearen” ondorioz eratutako merkatuan, ENDESA, IBERDROLA eta NATURGY dira pastelaren % 90 bereganatzen dutenak.
Urteak dira enpresa horiek onura astronomikoak lortzen dituztela, Europako antzeko enpresen marjinen gainetik, gainera. 2010 urteaz geroztik, eta bi krisialdi tarteko, Espainiako enpresa elektriko handiek 84.324 milioi euro metatu dituzte irabazi garbietan.
Azken hilabeteetan, prezioek gora egin dute, aurrekaririk gabe. Oraingo prezioa iazkoa baino sei aldiz handiagoa da, eta faktura aurreko urtekoa baino % 75 garestiagoa izatera irits daiteke. Eta ez dirudi joera hurrengo hilabeteetan aldatuko denik.
Segur aski, eskalada horren arrazoiak askotarikoak dira, eta horien atzean arrazoi geopolitikoak eta merkatu-arrazoiak daude, baina seinaleak ere badira, baliabideen neurriz kanpoko erauzketan oinarrituta eta kolapsoaren mugara gero eta gehiago hurbiltzen ari den sistema ekonomiko honen seinaleak. Eta estatu espainiarreko lurraldeari dagokionez, garrantzi handia du, halaber, joko-taula akastun eta okerrak. Horri esker, energia-oligopolioak eskua sartu ahal izan du sektorearen legeetan, edukiz josi dituela dirudi, energia-pobreziaren aurkako lege autonomikoak betetzeari ez dio kasurik egin, eta bistako eta zoritxarrez ezagunak diren ate birakariak sustatu ditu, bertan erosten baita eragin politikorik handiena eta onena.
Argindarraren prezioen igoeraren arazoa
Merkatu elektrikoko prezioen igoera bortitz horrek, hain zuzen ere, askoren etxeko ekonomiaren tentsioa areagotu eta milaka eta milaka etxetan pobrezia energetikoa bultzatu du, eta, gainera, kolokan jarri du energia merkaturatzeko proiektu txiki askoren altxortegia. Batzuek pentsa dezakete prezioak igotzeko eta merkatua “garbitzeko” borondatezko estrategia bat dela, energia-oligopolioari gehiegi ez molestatzeko.
Merkatu elektrikoan aldaketa horiek guztiak jasan eta testuinguru berrira egokitzeko haize kontra aritu diren entitateetako bat Som Energia izan da. Askoren ustez, energia berdea ekoizteko eta merkaturatzeko erreferentziazko kooperatiba da. Kooperatibak azaldu du prezioen igoerak dezente handitu duela kooperatibak hainbat erakunderi aurreratu behar dien diru kopurua, merkatu elektrikoan bere jarduerari eusteko.
Alde batetik, energiaren kostuaren ordainketak handitu egin dira bat-batean, eta, beraz, haren kostuak aurreratu egin behar ditu bezeroen ordainketak jaso aurretik. Bestalde, energia erosteko bermeak ere handitu dira (merkatu elektrikoak eskatzen duen mekanismoa da).
Horrez gain, etxeetako elektrizitate-fakturaren igoera arintzeko gobernuak hartu duen neurrietako bat izan da BEZa % 21etik % 10era jaistea eta, horrela, argindarra luxuzko ondasun gisa tratatzeari uztea. Baina azkar aplikatu denez, komertzializatzaileek diferentziari eutsi behar izan diote hilabete batzuetan, eta ondorioak izan ditu haien altxortegietan.
Aldaketak ezartzerakoan, aurreikuspen eta informazio gutxirekin egiten dira, neurri aringarriak kontuan hartu gabe. Horrek zaildu egiten du egoera berrietara egokitzea, batez ere komertzializatzaile txikienen kasuan, bat-batean handitu behar baitute finantza-indarra, aurreratutako dirua berreskuratu arte.
Irtenbide kooperatiboa eta laguntza sareak
Logika kapitalistek, ordea, ez dute aparteko faktorerik: kooperatibak, kapitalaren gainetik, pertsonek osatzen dituzte, eta horiek sarean, koordinatuta eta helburu komun batekin jarduten dutenean, irtenbide harrigarriak lor ditzakete. Elkarrekin ekiten dute, bakarka ezin dena lortzeko.
Batetik, Som Energiak bere oinarri soziala aktibatu du kapital soziala biltzeko, bazkideen bitartez finantzatu ahal izateko. Egun gutxitan, 10 milioi euro lortu ditu. Horrekin batera, kreditu-kooperatibaren laguntza ekonomikoa bilatu du, eta horren parte da Coop57.
Coop57k bi mailegu eman dizkio Som EnergIari, 2 milioi euro guztira. Zati batek elektrizitatearen BEZaren murrizketari eusten lagunduko dio, ogasun publikoak diferentzia itzuli arte. Beste zatiak likidezia emango dio kooperatibari, energiaren kostu gorakorraren eskakizunei eta ordainketei aurre egiteko.
Mailegu hauek Coop57k inoiz egin duen transakzio handiena dira. Som Energiak erantzun azkar eta baliagarria behar zuen, eta aparteko mekanismoak aktibatu dira: alde batetik, operazioaren zenbatekoa gain hartzeko eta, bestetik, operazioaren onarpen tekniko eta politikorako bideak bizkortzeko. Edonola ere, Coopk57k ez ditu estandar demokratikoak eta gardentasun-estandarrak murriztu.
Som Energia eta Coop57: urte luzeetako harremana
Nabarmendu behar da bi erakundeok aspalditik dugula harremana. Som Energiaren hasieran egon ginen, eratu aurretik ere, eta proposamen kooperatiboa osatzen lagundu genuen. 2012an, Som Energia Coop57ren zerbitzu-bazkide egin zen. 2015eaz geroztik, Coop57k Som Energian borondatezko kapital soziala du. 2016 urtean, bi entitateek hitzarmena sinatu genuen, efizientzia energetikoa eta energia berriztagarriak sustatzeko proiektuen finantzazioa sustatzeko. 2017an abiarazi zen Germinador Social lehiaketa, eta aurten bosgarren edizioa egin dugu.
Coop57 eta Som Energia hasieratik ibili gara bide beretik, bata bestearen ondoan. Eta premiazko garaian mekanismo guztiak aktibatu behar ditugu laguntzak koordinatzeko, eta erakusteko, elkarlanaren, konfiantzaren eta ESEren ehun sozial eta produktiboaren bitartez, erronkarik handienei ere aurre egin dakiekeela.