Coop57ren jarduera nagusia finantza-bitartekaritza da, hau da, aurrezkia bildu eta hori ekonomia sozial eraldatzaileko entitateetara bideratzea, gizarte bidezkoago, demokratikoago, kohesionatuago eta jasangarriago bat eraikitzeko lan egiten duten erakundeetara, alegia.

2024an 366 eragiketa berri gauzatu ziren, guztira 26,7 milioi euroko balioarekin. Beste behin ere, Coop57ren historian egindako eragiketa berrien kopururik handiena izan da hau. Dinamika honen emaitza gisa, 2021etik 2024ra bitartean Coop57k 1.342 mailegu-eragiketa egin ditu, guztira 100 milioi euroko zenbatekoarekin, eta guztiak ekonomia sozial eraldatzaileko entitateetara bideratu dira bakarrik.

Maileguen saldo bizia —hau da, itzultzeke dagoen dirua— ia 46 milioi eurokoa da. Horrekin 650 entitate baino gehiago finantzatzen ari dira aldi berean ekonomia sozial eraldatzailetik.

Azken urteotan saldo honen bilakaera oso esanguratsua izan da. Lau urte hauetan, 2021etik 2024ra, saldoak %50eko hazkundea izan du: 30 milioi euro pasatxotik ia 46 milioira igo da.

Oinarri soziala, beste erritmo batean

Adierazle ekonomikoek eta kreditu jarduerak gorakada nabarmena izan duten arren, oinarri sozialaren hazkundea ez da erritmo berean gertatu.

2024an, 400 bazkide berri baino gehiago batu dira Coop57ra: zehazki, 89 zerbitzu-bazkide berri eta 317 bazkide laguntzaile berri. Guztiak Coop57ren oinarri sozialean integratu dira, eta ia 7.000 bazkidez osatutako sare bat osatzen dute: 5.602 bazkide laguntzaile eta 1.258 zerbitzu-bazkide.

Guztiek batera, 64,5 milioi euroko aurrezki solidarioa bideratzen dute Coop57ren kapital sozialera, eta horrek kooperatibaren kreditu-jarduera ahalbidetzen du.
2021 eta 2024 artean, ekarpen ekonomikoen hazkunde garbia %25 ingurukoa izan da, 52 milioi eurotik 64 milioi eurora igaroz.

Bestalde, bazkide kopuruaren hazkunde garbia azken lau urteetan %15ekoa izan da: 6.007tik 6.860ra igaro gara.

Honek bi gauza esaten dizkigu, bata ona eta bestea ez hain ona. Hasi gaitezen ez hain onetik: Gustatuko litzaiguke pertsona eta entitate gehiago Coop57ra batzea, elkarrekin kooperatibaren gaitasuna indartzeko eta ekonomia sozial eraldatzailea sendotzen jarraitzeko. Pertsona eta entitate gehiagok osatzen duten mugimendu batek, eraldaketa gaitasun handiagoa du eta baliabide ekonomiko gehiago izateak proiektu eraldatzaile gehiago finantzatzeko aukera ematen du. Erronka eta erantzukizun partekatua da hori lortzea.

Bestalde, albiste ona da ekarpen ekonomikoak bazkide berrien hazkundea baino azkarrago handitzen ari direla, erritmo egokienean ez bada ere. Ondorio bat argia da: dagoeneko bazkide diren pertsonek konfiantza dute Coop57rengan, proiektuan sinesten dute eta beren parte-hartze ekonomikoa handitzea erabakitzen dute. Horrek indartu eta aurrera jarraitzera bultzatzen gaitu.

Pozik gaude 2024an egindako lanarekin, eta etorkizunerako erronkaz betetako motxila daramagu bizkarrean. 2025ean, bidaia partekatu eta zirraragarri baten 30 urteak ospatzeko ilusioarekin bizi gara, hainbeste jenderekin bizitzea eta partekatzea merezi duena.

Sale en portada general: