Kataluniako Batzorde Feministak 2019an mahaigaineratu zuen beharrezkoa zela sexuan oinarritutako jazarpeneko edo diskriminaziozko egoerak prebenitzeko protokolo bat egitea Coop57n. Batzorde Sozialak positiboki baloratzen zuen zerbitzu-bazkide izatea eskatzen zuten erakundeek halako protokoloak edukitzea, adierazten baitzuen erakundeek konpromiso handiagoa zutela indarkeria matxistei aurre egiteko orduan.
 
Aldi berean, Somos Todas Batzorde Feminista eratzen hasi zen, Coop57ko hainbat sailetako emakume bazkide eta langileekin. 2020aren amaieran, batzorde zabal horrek bere gain hartu zuen protokoloa egitea, eta haren lan-planaren zati garrantzitsu bihurtu zen. 
 
Batzordeak erdigunean jarri du protokoloa osatzeko metodologia; izan ere, ezin zen bete beharreko izapide hutsa izan, prozesu partekatua baizik. Batetik, edukia adosteko eta, bestetik, dokumentazio hori erakunde osoaren konpromisoa handitzeko tresna bihurtzeko. 
 
Zirriborro bat lantzen hasi ondoren, jazarpenaren aurkako Fede.cat-en protokoloan oinarrituta, ondorioztatu zen lan-prozesua egiteko kanpoko laguntza beharrezkoa zela. Hala, Creación Positiva Coop57 Catalunyako bazkideari, indarkeria matxistei aurre egiteko erreferentea denari, aurrekontua eskatu zitzaion, laguntzaren ezaugarriak eta kostua kalkulatzeko. Era berean, protokoloaren etorkizuneko inplementazioan beharrezkoak izango
diren prestakuntza-saioen aurreikuspena ere jaso zen.
 
Urtebete eta bi hilabetez, Somos Todas batzorde feministak koordinazio-bilerak eta lan-saioak egin ditu Creación Positivarekin. Gainera, batzorde feminista osoa hilean behin bildu da protokoloa sortzeko, eztabaidatzeko eta adosteko. Prozesu horren emaitza da “Protokoloa, lanean eta kooperatibaren esparruan sexujazarpena eta sexuan, sexu-orientazioan edota genero-identitate/adierazpenean oinarritutako jazarpeneko eta diskriminaziozko egoerak prebenitzekoa eta egoera horietan jardutekoa” dokumentua. Protokoloa 2022ko otsaileko batzarretan aurkeztuko da. Prozesu horrek balio izan du dokumentu hau sortzeko, eta, gainera —eta hau oso garrantzitsua da—, Somos Todas batzorde feministako kideek elkar hobeto ezagutzeko, proiektu kolektibo bat sortzean begiradak eta egiteko moduak partekatzeko aukera eman baitu.
 
Egindako ahalegina handia izan da, kontuan hartuta, gainera, COVID-19aren pandemiak aurrez aurre biltzea eragotzi duela. Hala ere, Somos Todas batzorde feministak uste du ahalegin horrek guztiak merezi izan duela. Gainera, Creación Positivaren laguntza eskertu da; izan ere, bidean ikusi da, laguntza hori gabe, ziurrenik prozesuan hutsuneak edo ahuleziak egongo zirela. Somos Todas batzorde feminista lanean aritu da protokolo hori erreferentziazko dokumentu gisa onar dadin 2022an, lurralde-sailetako eta Coop57ko Ezohiko Batzar Nagusietan. Orain, bigarren fasea dator, fase garrantzitsuena: protokoloan adierazitako prebentzio-neurrietan prestakuntza jasotzea eta neurriak aplikatzea, tresna bizia eta baliagarria izan dadin.
 
Sale en portada general: