EbazpenaCoop57 kooperatibak beti nahi izan du berrikuntza bilatu, sortzailea izan eta irtenbide berriak garatu kooperatibako pertsona eta entitate bazkideen, eta, oro har, ekonomia sozial eta solidarioaren behar aldakorrei erantzuteko. Oinarri horietatik abiatuta, mugimendu sozialek eta ekonomia solidarioak erakutsitako behar berriei irtenbideak bilatzen egin du lan Coop57 kooperatibak azken hilabeteotan. Hori dela eta, ekainaren 1ean Sevillan egindako batzar nagusian “lurzoru komunitarioa” izeneko jarduera-lerro berria onartu zen.

Aurrekariak: La Tartana de Can Bofill elkartea

Coop57 kooperatiban beti egin izan den bezala, teoria eta praktika eskutik doaz. Gauzak gerta daitezen, formula ona da errealitatea zeureganatzea eta behar berriei erantzuteko irtenbide berriak nola sortu pentsatzera motibatzea. La Tartana de Can Bofill elkarteko pertsona-talde batek –Can Bofilleko nekazaritza ekologikoko proiektuko kideak, PACA Nekazaritza Ekologikoaren Ekoizpen eta Kontsumorako Akordioan sartuta daudenak– Coop57 bisitatu zuenean hasi zen dena. Funtsezko eta egiturazko beharrizan bat konpontzeko itxaropenarekin etorri ziren: aspaldidanik lantzen ari ziren finkaren eta lurraren erabileraz gozatzen jarraitu ahal izatea, eta, ondorioz, ingurumen-balio handiko De Collserola mendilerroko natur-parkean, Bartzelona hiri-inguruko eta metropoli-eremuko beste udalerri batzuen eremuan, nekazaritza ekologikoko proiektu bat garatzen jarraitu ahal izatea.

  • Problematika: aspalditik zuten masoveria-erregimena arriskuan zegoen. Jabetzak finka saltzea planteatzen zuen. Elkarteak, baina, ez zuen erosketari aurre egin ahal izateko adina baliabide ekonomikorik, ezta finantza muskulurik ere.
  • Arriskua: proiektua desagertzea, nekazaritza ekologikoko mugimendua ahultzea eta Collserolako eremuan higiezinen espekulazioari atea irekitzea.
  • Irtenbidea: Coop57k finka jabetzan eskuratzea eta erabilera elkarteari lagatzea. Horrela, Collserolako parkeko 50 hektarea inguru merkatuaren logiketatik eta prozesu espekulatiboetatik babestea lortzen zen, eta horiek nekazaritza ekologikoko ekoizpen-proiektu batera bideratzen jarraitzea.

Kasu zehatz honetan, Can Bofilleko finka eskuratzeak aukera emango du hura espekulaziotik babesteko, haren dibertsitate biologikoa eta kultura-ondarea zaintzeko, ekonomia sozial eta solidarioan oinarritutako nekazaritza ekologikoko ekoizpen-proiektu batera bideratzeko eta ingurune naturalaren eta instalazioen aprobetxamendu komunitarioa dinamizatzeko.

Bigarren adibide bat abian: La Titaranya

Aldi berean, beste proiektu bat garatzen ari da "lurzoru komunitarioaren" lerro berri honetan, baina testuinguru erabat desberdinean, hiri-espazio batean kokatuta baitago. La Titaranyaren (Asociación Cultural la Aleta) proiektua da. Vallseko hirigune historikoko hainbat finka erosi nahi dira, sozialki eta fisikoki degradatuenetako bat Katalunian. Proiektu hori biziberritu eta dinamizatu nahi da, erabilera-lagapeneko etxebizitza-kooperatibak garatuz eta udalerriko elkarte eta ekonomia sozial eta solidarioko erakundeen egoitza soziala bertan ezarriz. Erakunde horiek interes sozial eta kolektiboko proiektu ugari garatuko dituzte, hala nola, herri ateneo bat, kontsumo-kooperatiba bat, etxebizitza-kooperatiba bat eta hiriko mugimendu sozialetatik sortutako beste hainbat jarduera. Azken batean, auzoen zaintza komunitarioko sareak sortzea da kontua, prozesu espekulatiboetatik babesteko eta, kasu honetan, biziberritzeko eta elkarte- eta komunitate-bizitza emateko.

“Lurzoru komunitarioa” proposamena

Coop57ren jarduera-ildo berri honen helburua da gizartean edota ingurumenean zeresan handia duen ondarea desmerkantilizatzea eta sozializatzea, komunitatearen eta ekonomia sozial eta solidarioko erakundeen onurarako, lurzorua “Helburua da gizartean edota ingurumenean zeresan handia duen ondarea desmerkantilizatzea eta gizarteratzea” jabetzan eskuratuz eta administratuz, proiektu eraldatzaileak gara daitezen. Ildo berri horren helburua da esperientzia pilotuak garatzea, praktikan erakusteko posible dela "lurzorua merkatutik ateratzea", babestea eta jasangarritasun-irizpideak dituzten erabilera sozial eta komunitarioetara bideratzea. Aldi berean, beharrezkotzat jotzen da gizarte-ekonomiako eta ekonomia solidarioko erakundeak egotea, proiektua komunitatean oinarrituta kudeatu eta garatuz, eta proiektua sozialki abalatuko duten eta parte hartu ahal izango duten erakundeen eta gizarte-mugimenduen sare bat egotea.

Ebazpena

Horrekin guztiarekin, oso eztabaida interesgarria sortu zen Coop57ren oinarri sozialarekin. Logikoki, beldurrak eta kontraesanak agertu ziren, baina, gehien-gehienean, "lur komunitarioaren" proposamena onartzea erabaki zen, “Community Land Trust"delakoen mugimenduan oinarritutako jardueraildo berri bati hasiera ematen baitzion eta herri-ondasunen nolabaiteko esentzia berreskuratzeko atea irekitzen baitzuen. Oso sozializatuta dauden proiektuak, komunitatearen esentzia eta partaidetza dutenak. Eta jabego komunitarioaren esentzia hori Coop57 erakundeak ondarea jabetzan eskuratzen duen unetik hasten da, automatikoki kooperatibaren oinarri sozialaren jabetza bihurtzen baita. Edo gauza bera dena: ekonomia sozial eta solidarioko ia 1.000 erakunde eta 4.000 pertsona baino gehiagorena.

Joan den maiatzean egindako sailetako batzarretan eta ekainaren 1ean egindako batzar orokorrean onartu zen jada bi proiekturekin jaio den lan-ildo berri hau: La Tartana de Can Bofill eta Vallseko La Titaranya. Adibide eta etorkizunean antzeko beste mugimendu sozial eta komunitario batzuen inspirazio izatea espero dugu.