Coop57ren baitako mugimendu agroekologikoarekin batera, beharrizan zehatzetarako irtenbide egokienak proposatu dira. Eta horrek hainbat arlotatik ekitea esan nahi du. Lehen sektoreko entitateekin elkarlanean, ezaugarri bereizgarri eta partekatuak antzeman ziren, eta horietara egokitu dira Coop57k aplikatutako ebaluazio sozial eta ekonomikoko irizpideak. Kooperatibak mugimendu agroekologikoari lagundu nahi badio, beharrezkoa da haren beharrizanei erreparatzea, erantzunak beharrizan horietara egokitzeko. 
 
Hala, ikuspuntu sozialetik, bi ekintza garrantzitsu sustatu dira erantzuna emateko. Lehenik, eta nekazaritzako eta abeltzaintzako proiektuen eskakizun batzuen harira, Coop57k onartu egin du autonomoen erregimeneko proiektuak finantzatzea –ordura arte baztertu direnak. Ezinbesteko ezaugarrien artean dago jarduera ekonomia sozial eraldatzailean esparruan garatzea; ezin dutela beren jarduera ESEk babestutako beste forma juridikoetan egin; proiektuaren dimentsio kolektiboa eta lurralde-lotura frogatu behar dute; eta Coop57ko kide diren beste entitateen berme sozialak aurkeztu behar dituzte. 
 
Bigarrenik, Coop57ko Batzorde Sozialak galdera espezifikoak txertatu ditu galdetegi sozialean, zehaztasun eta sakontasun handiagoz ebaluatzeko zerbitzu-bazkide berrien sarrera, landamunduko proiektuetara eta nekazaritza- eta abeltzaintza-jardueretara begira. Finantzaikuspegitik ere egokitu egin dira irizpideak, nekazaritza ekologikoko ekimenak sortzeko eta sendotzeko proiektuen bideragarritasuna eta inbertsio-gaitasuna bultzatzeko. Coop57k onartutako lehen oinarrizko kontzeptua da proiektu horietako batzuk sustatzeak arrisku handiagoa dakarrela, proiektuen berezitasunak direla eta berme mankomunatuak emateko gaitasuna txikiagoa dutelako. Arrisku handiago hori beste neurri batzuekin konpentsatzen saiatu behar da, eta neurri horiek kooperatibaren finantza praktikara gehitu dira. 
 
Esperientziatik eta etengabeko elkarrizketatik abiatuta, ikasi dugu maileguek ere lurraren erritmoak errespetatu behar dituztela, eta haien jardunak, beste inbertsioen aldean, errendimendu ezberdina dutela. Hala, gabealdi luzeak edo salbuespenezkoak eskaini dira, eta mailegua itzultzeko ohiko epeak baino luzeagoak adostu. Maileguetan kontuan hartu dira klimak eta aparteko ingurumen-baldintzek eragin ditzaketen aldaketak ere. Horrek guztiak helburu du finantzatutako proiektuen arrakasta eta sendotzeko aukerak areagotzea.
 
Atzerako ispilutik begiratzea, aurrera egiteko
 
Aspalditik dator Coop57ren eta lehen sektoreko proiektuen arteko harremana, hasieratik batu ziren Coop57ra nekazaritza ekologikoko eta bidezko merkataritza sustatzeko hainbat proiektu, hala nola: Red de Consumo Solidario, Alternativa3 edo Espanica. 
 
Halaber, hasieratik, jornalarien borrokaren alde egin du Coop57k, bereziki Andaluzian, lurra baldintza duinetan lantzeko aldarrikapenean. Horren adibide ezagunak dira Sindicat d’Obrers del Camp, Marinaleda eta, berriki, La Zarza proiektua. 
 
Horiek guztiek erakusten digute lurraldetik beretik eraldatzen dituztela tokiko ekimenek ingurunea eta pertsona askoren bizi-baldintzak. Coop57k lanean dihardu, landa-mundura begirako zerbitzu finantzarioak, etikoak eta solidarioak hobetzen jarraitzeko.
 
Horrek guztiak errealitate berriak aztertzeko aukera ematen digu. Coop57 Fundazioak egindako proiektuan antzemandako etorkizuneko erronka guztiez harago, Katalunian amaitu berri da nekazaritza-kooperatibak sozialki nola baloratu behar diren zehazteko hausnarketa-prozesua. Batez ere, aurkitzeko zeintzuk diren landa-errealitate historiko horren eta ESEren eta finantza etikoen printzipioen arteko loturak. 
 
Bestalde, Galizako “Montes Veciñais” komunitateak aztertzen hasi gara. Ekimen horiek ingurunea kudeatzeko tresna komunitarioa dira, eta gaitasun handia dute landa-eremu agroekologikoa eraikitzeko.
 
Sale en portada general: