2019a amaitu da eta 2020a hasi berri dugu, balantzea eta planak egiteko garaia. Aurten, gainera, bi gai garrantzitsu izango ditugu gure artean: Coop57ren 25. urtemuga eta Coop57 Fundazioaren sorrera.

Ostegunean Euskal Herriko asanblada egin genuen Zarautzen (Lakari kooperatiban). Iazko lanaren laburpena egin genuen eta, zerbait azpimarratu behar bada, esan 277.000 eurorekin finantzatu genituela Ekonomia Sozial Eraldatzaileko lau proiektu: Asaken, Pitxilore, Hiritik At! eta Consonni. Gure asmoa gero eta proiektu eraldatzaile gehiago sustatzea denez, Koop57k hedatzen jarraitu behar du ESEko proiektuak finantzatuz eta saretuz. Horretarako ezinbestekoa da entitate gehiago proiektura erakartzea eta aurrezkiak errealitatea eraldatzeko erabili nahi dituzten bazkide berriak egitea. Entitateek, bazkide izateko, hau bete behar dute eta pertsonek hau, oso erraza da.

Larunbatean, berriz, Euskal Herriko 5 ordezkari izan ginen Estatuko Coop57ren ez ohiko asanblada orokorrean, Zaragozan. Ohiko lan formalaz gain, bi gai garrantzitsu izan genituean hizpide:

Alde batetik Coop57ren 25. urtemuga dela eta azaroan Bartzelonan egingo ditugun topaketetan jorratu nahi ditugun gaiak elkarbanatu genituen, eta bestetik Coop57 Fundazioa aurkeztu zen. Finantza kooperatibak lagundu ezin dituen proiektuak sustatzea da Fundazioaren asmoa, eta bere ibilbidea bi proiektu laguntzen abiatuko du: Lliures proiektua Katalunian eta Sevillako Las Tres Mil auzoa biziberritzen lan bikaina egiten ari den Vencedores proiektua.

Ekimen interesgarri asko egin ditugu, beste asko ditugu egiteko, eta proiektua hedatzen jarraitzeko indarberrituta atera gara bi asanbladetatik. 2020 urtea are emankorragoa izateko gogoz lan egingo dugu. Bazatoz?